Noticias

Argia entrevista a Edurne LH, presidenta de DesperTRANS

Comparte!

Nagusiki zein aldaketa ekarriko du Trans Legeak?

Despatologizazioa dakar (Osasunaren Mundu Erakundeak dagoeneko jasotzen duena legean islatuko litzateke); genero autodeterminazioa baimentzen du, dokumentuetan hala identifikatzeko gaur egun dauden trabak ezabatuz; adin txikiko transexualei babesa ematen die; eta binario ez diren pertsonak aitortzen ditu. Puntu gehiago ere badira, jasaten dugun diskriminazioari aurre egiteko balio dutenak.

Zergatik ikusi duzue beharra gose greba egiteko? Ez zarete fio legeak bidea egingo duenik?

Ez da halako lege baten lehenengo proposamena, 2018an bazegoen beste bat mahai gainean, eta hiru urte daramagu legea aurrera atera dadin itxaroten; oraingo zirriborroa, aurrekoaren oso antzekoa izan arren, PSOEk ez du aurrera atera nahi eta blokeatu egin nahi du prozesua. Eskatzen duguna da kongresura eraman dezatela, eztabaidatu dadin eta tramitatzen hasi daitezen.

Indartsu zaudete ala legeak sortu duen polemikak minduta?

Babes sozial handia sentitzen dugu, baina polemika honekin guztiarekin minduta gaude, bai, gure eskubideak eztabaidaren jomuga bihurtu direlako azken hilabeteotan. Hala ere, indartsu gaude, bukaeraraino iristeko prest.

«Polemika hau sufrimendua eta ezinegona sortzen ari da askoren artean. Bai nik bai beste askok irain mordoa jasaten dugu egunero sare sozialetan, legearen alde agertzeagatik»

Legearen kontrako jarrera batik bat feminismotik etorriko zela espero zenuten?

Duela hilabete gutxi loratu da eztabaida hau indar honekin, eta zoritxarrez mugimendu feministaren sektore batzuetatik loratu da, baina argi dugu mugimendu feministaren gehiengoa gurekin dagoela. Adibide bat: trans legearen aldeko manifestua, aste bakarrean, Estatuko mugimendu feministan dabiltzan 600 kolektibok baino gehiagok eta 11.000 lagunek baino gehiagok sinatu dute. Irudikatzen den gatazka, feminismoa vs. kolektibo transexuala, ez da erreala, izatekotan feminismoaren sektore txiki batekin dago gatazka, baina bozgorailu asko ditu sektore txiki horrek. Guk feminismo inklusiboan sinesten dugu, emakume guztiak barne hartuko dituena, izan transexual, arrazializatu, ezgaitasunen batekin…

Transfobia azaleratzeko baliatu al du jende batek legearen kontrako diskurtsoa?

Ezbairik gabe. Argudio batzuk astakeria hutsa dira: transak komunetan eta aldageletan sartuko direla emakumeak bortxatzera, guri eskubideak emateak eskubideak kenduko dizkiela emakumeei… Ez du inolako zentzurik: legeak eskubideak gehitzen ditu, ez dizkio inori kentzen; ez dugu inork baino gehiago nahi, baina gutxiago ere ez.

«Konbentzituta gaude trans kolektiboak azkenik ere 2021ean lortuko dituela hamarkadatan ukatu zaizkion eskubideak»

Transexualek bizi duzuen ohiko diskriminazio eta zapalkuntzari nola eragiten dio legearen inguruan sortu den polemikak?

Argi dago legearen tramitazioari eragin diola: ez du ez hanka ez buru PSOE kontra agertzea, halako legeak aurrera bultzatu dituenean erkidegoetan. Eta maila pertsonalean, sufrimendua eta ezinegona sortzen ari da transexual askoren artean. Bai nik bai beste askok irain mordoa jasaten dugu egunero sare sozialetan, legearen alde agertzeagatik.

Baina esandakoa, babesa nabari dugu herritar gehienengandik, indartsu gaude, eta konbentzituta gaude trans kolektiboak  azkenik ere 2021ean lortuko dituela hamarkadatan ukatu zaizkion eskubideak.

Fuente: https://www.argia.eus/albistea/trans-legearen-alde-gose-greban-irudikatzen-den-gatazka-mugimendu-feminista-vs-kolektibo-transexuala-ez-da-erreala

Comparte!

También puede gustarte...